Kanban Logistika

TOYOTA konpainiak sortu zuen JIT filosofia garatzean;  kanban fabrikazio-sistema errepikakorretan ekoizpena kontrolatzeko eta bere jarraipena egiteko metodoa da.

Metodoaren oinarrian «tiraldiaren irizpidea» dago (PULL Sistema). Alegia, bezeroak ekoizpen sistematik tiratu egiten du ekoizpen sistemari hainbat produktu eskuratuz (saldutako produktuak). Tiraldia dela-eta, kate osoan zehar fabrikazio beharrak sortzen dira. Eragindako esparru bakoitzean,  kontsumitutako produktuen ordez berriak jartzen dituzte, beste tiraldiren bat egonez gero, emandako erantzuna berehalakoa izan dadin.

Lanpostu bakoitzak beharrezko materiala baino ez dio eskatzen hornitzaileari (katean lehenago dagoenari).

Ekoizpena kontrolatzeko sistema horretan, ekoizpena kontsumoaren araberakoa da, eta tailerrean/zelulan kudeatzen da  ekoizpen- eta garraio-txartelak erabiliz (KANBAN hitzak txartela esan nahi du). Horrela, inbentarioa txikiagoa izango da, eta ekoizpen prozesuak sistematikoki hobera egingo du.